7.1. Arartekoaren informazio-guneak egoitza publikoetan
Arartekoak euskal herritarrei egiten duen lanaren berri emateko zereginarekin jarraitzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztiek jakin dezaten erakunde honek zein zerbitzu publiko eskaintzen duen, eta nola izan dakiekeen erabilgarri. 2009an, Arartekoak informazio-kanpaina bat hasi zuen, hau da, EAEko udaletxeetan informazio-gune batzuk jarri zituen, eskultura baten antzeko euskarri bat, kartoi-harrizkoa, erakundearen inguruko informazio interesgarriarekin (zer den, zer egiten duen, noiz jo Arartekoarengana, nola aurkeztu kexa bat...).
Lehenengo fasean, informazio-gune horiek EAEko udal bakoitzean jarri ziren, ikus daitezkeen eta normalean jendea askotan ibiltzen den tokietan. Bigarren fasean, informazio baliabideak hiru foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako bulegoetara bidali ziren.
Ararteko erakundea euskal gizarteari hurbiltzeko eta gauzatzen dituen zereginak gehiago eta hobeto ezagutzera emateko, ekimen berri bat jarri da martxan: lau hilez behingo dibulgazioko aldizkari bat bidaltzea informazio-guneetara, hain zuzen. Modu labur eta entretenigarrian azaltzen du Arartekoak azken hilabeteetan gauzatu dituen jarduera batzuk (ezohiko txostenak, gomendioak, kexak eta kontsultak...). Gainera, liburuxka zabalgarri batzuk egin dira, eta, bertan, bost hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz) jaso dira Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 30 artikuluak.